Esperientziak partekatzeko eta lidergoak sendotzeko ekinBarri foroa
Joan den uztailaren 8an, Amorebietako EKIN, S. Coop. kooperatibaren egoitzak ekinBarriren Pertsona Liderren Foroaren edizio berria hartu zuen, ekinBarriren programaren bat ezartzen ari diren —edo jada osatu duten— enpresentzat bereziki pentsatutako topaketa esklusiboa. Enpresetan lidergo eraldatzailea partekatzeko unea izan zen, non benetako ikasketen trukeak segurtasun handiagoz aurrera egiten lagundu zuen, huts egiteak saihestuz eta funtzionatzen duenari indarra emanez.
Saioak hainbat sektoretako enpresa industrialetako eta enpresa-elkarteen ordezkariak bildu zituen: Gobesa, Indefunsa, Construcciones Zabalandi, Aceros Inoxidables Olarra, HA Ilarduya, CTT AUTOMOCIÓN, Le Bigott, EINNEK, FVEM, AVEQ-KIMIKA; ekinBarriko koordinatzaileak —Jorge Petralanda eta Marta Martínez—, ekinBarriren negozio-arduraduna, Mercedes Aliste, eta topaketaren anfitrioia izan zen EKIN S. Coop. bera.
EKIN, eraldaketa kooperatiboaren adibide
1963an sortua, EKIN, S. Coop. brotxatzeko eta laminatzeko soluzio teknologikoak diseinatzen eta fabrikatzen espezializatutako kooperatiba industriala da. 300 langile baino gehiagoko plantilla du, eta nazioarteko presentzia India eta Mexikon. Bere CEOak, Josu Rodríguezek, eman zion hasiera foroari, 2021ean kooperatiban sartu ondorengo barne-berregituraketa fase garrantzitsuan ekindako eraldaketa-prozesuaren nondik norakoak partekatuz.
Rodríguezek azaldu zuen nola erabaki zuten ekinBarriren laguntza metodologikoa baliatzea ikuspegi partekatu bat eraikitzeko, taldeetan kohesioa sortzeko eta langileen eta zuzendaritzaren arteko lotura sendoak finkatzeko. "Erresistentziak baretzen eta itxaropenak lerrokatzen lagundu zigun", nabarmendu zuen. ekinBarriTECH bezalako tresnek abiatzeko egoera argi ezagutzea, hobekuntza-palankak identifikatzea eta norabide egokian aurrera egitea ahalbidetu zietela adierazi zuen.
Foroan zehar, parte-hartzaileek EKIN, S. Coop.-en instalazioetan barrena bisita gidatu bat egiteko aukera izan zuten, eta lehen eskutik ezagutu zituzten balio erantsi handiko soluzio industrialen diseinu eta fabrikazio prozesuak. Josu Rodríguez bera arduratu zen bisita gidatzeaz, EKINeko taldearen ahalegina eta kooperatibaren bilakaera nabarmentzeko: enpresa lehiakor, internazional eta sektorearen etorkizunarekin bat datorren erakundea dela azpimarratuz.
Lotura, konpromisoa eta ikuspegi partekatua
Foroan zehar, enpresek bat egin zuten lidergoa sendotzea funtsezkoa dela barrutik abiatutako eraldaketa iraunkorrak aktibatzeko. Indefunsaren kasuak erakutsi zuen ekinBarrik nola laguntzen ari die beharrezko aldaketa kulturalari heltzen, zuzendaritza-taldearekin lan eginez eta "lotura kontzientea" sortuz. HA Ilarduyaren esperientziak, berriz, departamentuen arteko komunikazioa hobetzea izan zuen ardatz, prozesuak obetzeko motor gisa. Biek nabarmendu zuten arrakastaren gakoa zuzendaritza-taldearen aurretiazko lerrokatzean eta pertsona giltzarrien inplikazio aktiboan dagoela.
Construcciones Zabalandik ekinBarriren ikuspegiaren erabilgarritasuna azpimarratu zuen talentua fidelizatzeko eta partaidetza-sentimendua sortzeko orduan. "Talde osoak hizkuntza bera erabil dezan eta konpromisoa sendotu dadin balio izan digu", adierazi zuten, gardentasuna eta negozioaren helburuarekiko lotura funtsezko elementuak direla gehituz.
AVEQ-KIMIKAren aldetik, ekinBarri ezarri zuten taldearen hazkunde eta jardueraren igoera fase batean, pertsonen antolaketa eta lidergoa beste modu batera ulertzea beharrezkoa bihurtu zenean. “Oso garrantzitsua izan zen ekinBarriTECH bezalako tresnak izatea, egoera argi diagnostikatzeko eta benetako datuen bidez helburu partekatuak ezartzeko”, azaldu zuten.
Parekoen arteko espazio bat
Formakuntza-saio hutsa izan beharrean, ekinBarriren Pertsona Liderren Foroa parekoen arteko ikaskuntza-esparru moduan sendotzen ari da. Lorpenak, erronkak eta zalantzak konfiantzazko giroan partekatzeko lekua, eraldaketa-prozesuak ikuspegi humanistaz eta konpromiso errealarekin gidatzen dituzten pertsonen artean. Eguneroko lidergoaren erronkei buruz irekitasunez hitz egiteko gunea: nola motibatu testuinguru konplexuetan, nola murriztu aldaketarekiko erresistentziak, nola hobetu kohesioa liderrek nekatzen ez diren bitartean.
EKIN bezalako exijentzia handiko industria-ingurune batean ospatutako edizio honek beste behin erakutsi du lidergo eraldatzailea ez dagoela sektore jakin batekin lotuta, baizik eta gauzak egiteko modu berri baten alde apustu egiten duten pertsonen borondatearekin.
ekinBarri: lider kontzienteentzako komunitatea
CEBEK, FVEM, CECOBI, ASCOBI-BIEBA eta AVEQ-KIMIKA elkarteen ekimenez sustatua eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa duela, ekinBarri Bizkaia with the Talent estrategiaren barruan kokatutako enpresen eraldaketarako ibilbide oso bat da. Enpresa baten kultura antolatzailea eta lidergo-eredua sendotu nahi dutenentzat pentsatua, metodologia, teknologia eta laguntza uztartzen ditu, bost ardatz nagusitan modu neurgarrian aurrera egiteko: pertsonak, konfiantza, konpromisoa, berrikuntza eta jasangarritasuna.
EKINen egindako kinBarriren Pertsona Liderren Foroa bezalako topaketek ekinBarriren komunitateari zentzua ematen dion sare hori elikatzen dute. Barneko eraldaketa gidatzeko konpromisoa hartu duten ehun erakunde baino gehiagok osatzen dute jada sare hori.