Bizkaiak pertsonek enpresa-aldaketaren eragile gisa duten balioa aldarrikatzen du

Publicado

Ekitaldia CEBEK, FVEM, CECOBI, ASCOBI-BIEBA eta AVEQ-KIMIKA enpresa-elkarteek antolatu dute, aliatu estrategikoak diren Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailaren eta Bizkaia with the Talent ekimenaren lankidetzarekin, eta beste behin ere lurraldeko enpresa-etorkizunaren ardatz gisa lidergo partekatua, lankidetza eta konfiantza jarri ziren erdigunean.

Ekitaldian Ainara Basurkok, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko diputatuak, eta Guillermo Bucesek, CEBEKeko presidenteak, parte hartu zuten. Azken honek eman zion hasiera jardunaldiari eta enpresa eraldatzeko prozesuetan pertsona guztien konpromisoaren eta lankidetzaren garrantzia azpimarratu zuen.

"Pieza guztiak funtsezkoak dira Bizkaiko enpresa-ekosisteman. Enpresak, eragileak eta erakundeak elkarlanean aritu behar dugu ingurune erresiliente, berritzaile eta lehiakorra sortzeko", nabarmendu zuen.

Bucesek gogorarazi zuenez egungo egoerak, ziurgabetasunak eta erronka globalek markatuta, "enpresa arinak behar ditu, aldaketei aurrea hartzeko gai direnak". Bere esku-hartzean  lidergoari "ikuspegi estrategiko batetik ez ezik, giza ikuspegi batetik ere" heldu behar zaiola defendatu zuen, eta "lidergoa partekatua izan daitekeela, eta hala izan behar duela".

"ekinBarrin belaunaldi berriek, lan egiteko modu berriek, digitalizazioak eta pertsonen ongizateak enpresen etorkizuna nola moldatzen duten hausnartzen ari gara", adierazi zuen. "Enpresek ingurune malguak, berritzaileak eta pertsonen beharretara egokituak eskaini behar dituzte. Hori egiten badute, hobeto posizionatuko dira lehiatzeko, erakartzeko eta talentua fidelizatzeko".

Bestalde, itxiera instituzionala Ainara Basurkok egin zuen, eta proiektuak Bizkaiko politika ekonomikoaren barruan duen balio estrategikoa azpimarratu zuen, bereziki "aldaketa zorabiagarria den " garai honetan. Testuinguru honetan hobekien egokitzen diren enpresak ez dira nahitaez handienak, ezta baliabide gehien dituztenak ere, pertsonei entzuten dietenak, aintzat hartzen dituztenak eta protagonismoa ematen dietenak baizik ".

Ildo horretatik Basurkok nabarmendu zuen lidergo kolektiboak "emaitzak biderkatzen, taldeak kohesionatzen, motibazioa areagotzen" duela eta, batez ere, "gure organizazioen eta gure lurraldearen erresilientzia indartzen" duela.

Azkenik, diputatuak gogorarazi zuen "ekinBarri Ekonomia Sustatzeko Sailaren ardatzean sendo txertatutako proiektu estrategikoa" dela, Bizkaiko enpresa-sarearen lehiakortasuna eta iraunkortasuna bultzatzeko duen gaitasunagatik.

Pieza bakoitza, giltzarri. Pertsona guztiak dira garrantzitsuak

Ainhoa García kazetariak aurkeztuta, ekinBarri VII. Ekitaldiak ekinBarri enpresen esperientziak, ezagutzak eta kasu errealak partekatzeko gunea eskaini zuen Bilbon.

Ekitaldiaren une nabarmenetakoa Antonio Moarren ponentzia izan zen. Hitzaldiaren izenburua “Etorkizuna zure esku dago - El futuro está en tu mano” izan zen eta bertan hizlari eta lidergoan aditua denak aldaketa nola pertsona bakoitzarengan hasten den hausnartzera gonbidatu zuen; gaitasunetan, erabakietan eta zalantzazkoari aurre egiteko jarreran. "Eskuak – ekintzaren eta sorkuntzaren sinbolo gisa – bakarrik hartzen du zentzua hatz bakoitzak, pieza bakoitzak besteekin batera lan egiten duenean" esan zuen.

Eraldaketako benetako ahotsak

Jardunaldiak "ekinBarri Elkarrizketak: eraldaketako benetako istorioak" mahai-inguruarekin jarraitu zuen. Bertan, Bizkaiko EVEC, Hervel Electroquímica eta Gonvador enpresek nola ekinBarri  metodologiak, laguntzak eta teknologiaren aplikazioak beren barne-kultura, taldeen kohesioa eta lidergo partekaturako gaitasuna hobetzen lagundu duen azaldu zuten.

ekinBarri 2025 Saria

Ekitaldian Aceros Inoxidables Olarra enpresak ekinBarri 2025 Saria jaso zuen, euskal industriaren barruan eraldaketarekin eta lidergo partekatua bultzatzearekin hartutako konpromisoa aintzatetsiz. Saria Moisés Riobellok jaso zuen, Giza Baliabideetako eta Marka Pertsonaleko arduradunak, Ainara Basurko  Ekonomia Sustatzeko foru diputatuaren eskutik.

Ia zazpi hamarkadako ibilbidearekin, Bizkaiko enpresa honek antolaketa-bikaintasuna, konpromisoa eta konfiantza uztartzen jakin du, pertsonak bere garapenaren erdigunean jarriz. 500 profesional baino gehiagorekin eta enpresa laguntzaileetako 200 laguntzailerekin, Aceros Inoxidables Olarra lurraldeko enpresa- eta gizarte-ehuna indartzeko egindako ekarpenagatik nabarmentzen da.

Bere adibideak egiaztatzen du industriak konfiantzatik, entzutetik eta konpromisotik abiatuta egiten duela aurrera, antolakundearen eraldaketa lehiakortasunaren eta ongizatearen motor gisa integratuz.

ekinBarri 2025 Ekitaldia networking espazio batekin itxi zen, elkarlanerako espiritua indartuz,  eta  berriz ere Bizkaiak bere etorkizuna eraikitzeko oinarri gisa konfiantza, konpromisoa, taldearen eta taldekideen indarra, berrikuntza eta enpresen jarraitutasuna azpimarratu ziren.

Zer da ekinBarri?

ekinBarri Bizkaiko enpresetan lidergo-ereduen eta pertsonen kudeaketaren eraldaketa bultzatu eta bizkortzen duen proiektua da. Proiektua CEBEK, FVEM, CECOBI, ASCOBI-BIEBA eta  AVEQ-KIMIKA enpresa-elkarteek sustatu eta zuzentzen dute, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza estrategiko eta ekonomikoarekin.

Helburua enpresei erronka berrietara egokitzen laguntzea da, lehiakortasuna hobetzea barne-taldea indartuz eta konfiantzazko espazioak, komunikazio eraginkorra eta ikuspegi partekatua sortuz.

ekinBarrik laguntza praktikoa, metodologia eraginkorrak eta teknologia berritzailea eskaintzen ditu, eraldaketarako bidean enpresei denbora errealean neurtzeko eta gidatzeko aukera ematen dietenak, aldi berean Bizkaiko lurraldearekin konprometitutako komunitatea eratuz.

ekinBarri Bizkaia with the Talent ekimenaren ibilbideetako bat da. Ekimen honen xedea  nazioartean lurraldea talentua erakartzeko gune bihurtzea da, antolakuntzaren heldutasun-mailaren araberako programak eskainiz.