CEBEK, FVEM, CECOBI, ASCOBI eta AVEQ enpresa-erakundeek Bizkaia Aretoan aurkeztu dute “Pertsonak eta etorkizuna: Bizkaiko enpresak eraldatzen” proiektua

Publicado

Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa duen proposamen honetan, pertsonek enpresan duten partaidetza handitzeko apustua egiten da, munduko enpresa lehiakorrenek “lankidetzan, konfiantzan eta konpromisoan oinarritutako proiektu bateraturantz aurrera egiten dutela” kontuan hartuta.

Aldez aurretik, “Pertsonen garrantzia: zer egingo du enpresak?” mahai-ingurua ere egin da, eta, bertan, honako hauexek parte hartu dute, arlo horretan duten esperientzia azaltzeko: Ilunbeko Angel Ramos, Bizkaiko Badia Gasako Lola Rodríguez, Euleneko Fernando Laguna eta Uvesco Taldeko Gorka Zubillaga.

Ilunbeko Angel Ramos honako gai hau nabarmendu du, besteak beste: “taldearen indarra, pertsonen inplikazioa, lengoaia bateratua eta enpresak autokudeaketari emandako lehentasuna”.

Bizkaiko Badia Gasako Lola Rodríguezek azaldu duenez, “kontratu emozionala, ez bakarrik juridikoa”. Bere esanetan, “oso garrantzitsua da pertsonak enpresan inplikatzea, eta erakunde osoaren zeregina izan behar da harrera”. Gainera, “oso garrantzitsua da nor bere lanean nola dagoen jakitea”. Erantsi duenez, “zertarako dagoen hemen eta erakundean nolako ekarpena egiten duen jakin behar du pertsonak”.

Euleneko Fernando Lagunak adierazi duenez, “pertsonei galdetu behar zaie nola ikusten duten enpresa eta nola egingo luketen eurek. Aldaketa zuzendaritzan hasi behar da, adibidea izan behar da. Gainera, haiei jaramon egiteko konpromisoa hartu beharra dago”.

Uvesco Taldeko Gorka Zubillagaren esanetan, “oso garrantzitsua da liderrek sinesgarritasuna eta koherentzia edukitzea. Errespetua eta xumetasuna funtsezkoak dira”. Erantsi duenez, “porrota ikasbidea da”, eta, “UVESCOn, pertsonak onenak direla sentitzea eta gizarteak haiei hori aitortzea nahi dugu”. Berak ere adierazi duenez, “bidezkoak izan behar gara ordainsariekin, eta proiektu bateratua partekatu beharra dago”.

Ostean, honako hauexek esku hartu dute ekitaldian: Cebekeko presidentea, Iñaki Garcinuño; FVEMkoa, José Luis López Gil; Bizkaiko Enpresa Kimikoen Elkartekoa, Ángela Fernández; CECOBIkoa, Pedro Campo; eta, ASCOBIkoa, Alex Bidetxea.

“Pertsonak eta etorkizuna: Bizkaiko enpresak eraldatzen” proiektua

Cebekeko presidenteak, Iñaki Garcinuñok, baieztatu egin du Euskadiko gaur egungo ingurune ekonomikoan “ez dutela lekurik lehiakideen soldaten aldean soldata txikietan oinarritutako lehiakortasun-estrategiak dituztenek, ezta talentua behar bezala sustatu eta kudeatzen ez duten enpresek ere”.

Era berean, patronaleko liderrak ere adierazi duenez, “lan-merkatuan orain sartzen diren belaunaldiak lehengoak bezalakoak ez direnez, oso baldintzatuta gaude enpresa moduan, talentua eduki eta talentuari eutsi behar diogulako erakunde moduan eta lurralde moduan. Izan ere, inor ez da sobera egongo, guztiz kontrakoa baizik, Bizkaira bertora erakarri beharko ditugulako lan egiteko adinean dauden guztiak”.

Hori lortzeko, proiektu berria aurkeztu dugu. Hartara, enpresa-egituraren eredua ezarriko dugu, “talentua erakartzeko” eta langileek Bizkaiko enpresetan duten partaidetza handiagoa izateko, Bizkaia “lanbidea garatzeko leku erakargarria” izatea helburu duen estrategia kontuan hartuta.

“Pertsonak eta etorkizuna: Bizkaiko enpresak eraldatzen” proiektua honako arlo hauetako erakundeekin partekatutako ekimen bateratua da: Cebekeko kideak diren enpresa-erakunde sektorialak, metalgintzakoak (FVEM), merkataritzakoak (Cecobi), enpresa kimikoak (AVEQ) eta eraikuntzakoak (Ascobi).

Garcinuñoren esanetan, proposamen hori “apustu argi bezain iraunkorra da, gure enpresen parte diren pertsonak gure estrategia berritzaile eta lehiakorraren erdigunean jartzeko”. Era berean, “enpresa-erakunde moduan etorkizunari begira ditugun jarduketen erreferentzia eta abangoardia” izan nahi du, pertsonak eta bere egiten duten enpresen lehiakortasun handiagoa xede dituen eredua kontuan hartuta”.

Ekimenak hiru termino hauek uztartzea proposatzen die enpresei: pertsonak, eraldaketa eta lehiakortasuna, “orain enpresa moduan eta lurralde moduan etorkizunari begira ezinbestekotzat jotzen ditugun balioak eta jarduketa berritzaileak hedatzeko”.

Ziurgabetasuna

Puntu honetan nabarmendu duenez, “gaur egungo ingurunea oso aldagarria da, eta, gaur egun, ziurgabetasuna ez da inguruabarra, egunez egun enpresa moduan arnasten dugun airea baizik”.

Hori dela eta, bere esanetan, “zenbait balio, hau da, konfiantza, partaidetza, konpromisoa, gardentasuna, lankidetza edo enpresaren inguruko ikuspegi partekatua batu eta uztartu behar dira euskal enpresaren balio tradizionalekin, betikoekin, hau da, ahalegina, lana, berrinbertsioa edo aurrezkia”. Baieztatu egin du haien bidez “koktel hobezina daukagula, gure enpresek Europako erreferentzia izaten jarraitu dezaten”.

Cebekeko presidenteak azaldu duenez, gaur egungo enpresa-eredua eraldatzeko, honako faktore hauek kontuan hartu behar dira, besteak beste: “malgutasuna, lan-modu berriak, mugikortasun geografiko handiagoa, banakako prestakuntza-ibilbideak eta enpresak lana eta bizitza bateragarri egiteko eskaini behar dituen aukerak”.

Era berean, lurraldeko enpresa-sarean, “genero-berdintasunarekin” lotutako balioak txertatu behar dira, baita enpresako zuzendaritzako postuetan ere, edo zenbait kontzeptu ere bai; esate baterako, gardentasuna eta motibazioa”.

Bere iritziz, horien guztien bidez, langileak inplikatu egiten dira, “aldagai horiei esker Bizkaiko enpresek badutelako lehiakortasun handiagoa lortzerik eta euren jarduerako beste faktore batzuk bizitasunez lantzerik; esate baterako, arlo teknologikoa, ekoizpen-arloa edo merkataritza-arloa”. “Izan ere, gaur egun, ez da pertsonarik gabe halakorik egiten, enpresetan gauza gutxi egiten direlako pertsonek eskainitako balio erantsia eta inplikazioa barik”, nabarmendu du berriro.

Cebekeko presidenteak esan duenez, jarduketa horiek txertatzen eta ezartzen lagundu behar zaie elkarte txikiei eta, oro har, enpresei, proiektu honetako partaideak direla sentitu dezaten eta, denon artean, lurralde erakargarriaren irudia sustatu dezagun”.

Garcinuñoren esanetan, “gure enpresak eraldatzea da helburu nagusia, eta, horretarako, bertako pertsonen arteko harremana bultzatu behar da. Konfederazioko kideak diren erakunde sektorial guztien apustu argia da, gainera”. Izan ere, 6.000 enpresaren baino gehiagoren eta 140.000 langileren ordezkariak dira.

“Gure ustez, paradigma berria garatu behar da, eta berrikuntza soziala egin nahi duten Bizkaiko enpresa guztientzat izan behar da erreferentzia, langileentzat erakargarriago egitea delako helburua, haien garapen profesionala osoagoa izan dadin”.

Bizkaiko patronaleko arduradunak gogoratu duenez, eraldaketarako prozesu berri horretan “ez gara ezerezetik abiatzen, berrikuntza soziala lantzen duten lurraldeko enpresa askok denbora daramatelako euren egiturak, prozedurak eta zuzendaritza-estiloa xede berri horietarantz egokitzen, bertan partaidetza, konpromisoa eta inplikazioa enpresaren balioen parte direla kontuan hartuta”.

Garcinuñok nabarmendu duenez, inguruabarren ondorioz krisi-uneetan bultzatu ziren beste batzuen aldean, Cebekek proiektu hau jarri du abian “hazten ari garenean, krisitik irteten ari garenean eta hedatzen ari garenean, nahiz eta hain beharrezkoa ez dela dirudien eta merkataritzari begira erakargarriagoak diren proiektuak sustatzen diren. Dena dela, horrexegatik, hain zuzen ere, orain garrantzitsua da pertsonei buruz hitz egitea, eta berritasuna da egiten dugun konpromiso publiko hori erakustea”.

Euren proiektuaren oinarrizko lerroak adostu ostean, Cebekek, FVEMk, Cecobik, Ascobik eta AVEQek “hausnarketarako prozesu partekatua” jarri dute abian, “azken hori betetzen lagunduko diguten tresnak, dinamikak eta ibilbide-orria adosteko, sektore bakoitzaren arabera egokitu beharra dagoela eta enpresa bakoitzak proiektuari eman nahi dion erritmoa errespetatu behar dela kontuan hartuta”, esan du Garcinuñok amaitzeko.

FVEM, CECOBI, ASCOBI ETA AVEQ

Era berean, FVEMko, CECOBIko, ASCOBIko eta AVEQeko presidenteek adierazi dutenez, haien enpresa-erakundeek konpromisoa dute “partekatutako proiektu berri baten hasierarekin”.

Bizkaiko Eraikitzaileen Federazioko (Ascobi) presidenteak, Alex Bidetxeak, baieztatu egin du gaur egun sektoreak “langile prestatuen falta handi-handia” duela Bizkaiko lurraldean eta honako paradoxa honetan sartuta dagoela bete-betean: “sektoreak burua altxatzen duenean, langile prestatuen falta dago”.

Bidetxearen esanetan, administrazio publikoak sektoreko bezero nagusiak direnez, “zeresan handia dute” susperraldi-uneotan, eraikuntza “oso aldi baterakoa delako eta bere jarduera-zikloak oso laburrak direlako. Hori dela eta, oso zaila da bertan inbertitzea eta langileen zein enpresen euren arteko lotunea ezartzea”.

Bidetxeak adierazi duenez, jakin badaki sektoreko enpresek langile-taldeen egonkortasuna sustatzen badute eta euren langileak motibatu, komunikatu eta fidelizatzen badituzte, are prestatuago egongo direla, Bizkaiko eraikuntzako etorkizuneko proiektuei arrakastaz aurre egiteko eta bezeroen eskakizunei erantzuteko, haien artean gai honetan zeresan handia daukaten administrazio publikoak nagusi direla kontuan hartuta”.

Bestetik, José Luis López Gilek, FVEMko presidenteak, defendatu egin du metalgintzako enpresentzako ereduak “hierarkia lauagoak eta lankidetzapeko lana” eduki behar dituela. “Gainera, enpresa aktibo nagusia pertsonak direla dioen esaldia ez da egindako esaldia, gurekin benetako lotura edukitzea nahi dugun zerbait baizik”.

“Enpresen lehiakortasuna sustatzeko orduan, premiazkoa da pertsonak inplikatzea, eta oso garrantzitsua ere bada berritzea, adimen kolektiboa sustatzen delako eta, horrela, langileek ekarpen gehiago egiten dituztelako enpresan. Horretarako, zerbait eman behar diegu trukean, entzun egin behar diegu eta erabakietan parte hartu behar dute”.

Segurtasuna ahalik eta gehien areagotzea

Aldi berean, AVEQeko presidenteak, Ángela Fernándezek, honako hauxe eskatu dio enpresa kimikoak elkartzen dituen sektoreari: “lehenengo eta behin, segurtasuna ahalik eta gehien areagotzea eta, hori gainditutakoan, pertsonekin eurekin prebentzioa lantzen hastea, istripua ez ezik, gorabehera bera ere ekidin ahal izateko”.

Hori lortzeko, Fernándezek baieztatu duenez, “langileak enpresa-proiektuan inplikatuta egotea eta lankidetza sustatzea da erantzun bakarra, horretarako haien ekarpenak aitortu eta saritu egin behar direla kontuan hartuta”.

Pedro Campok, Cecobiko presidenteak, esan duenez, jakin badaki merkataritzaren sektorea gainerakoak “ez bezalakoa dela oso”. Gainera, berezko faktoreak ere baditu; esate baterako, bezeroekin ezarritako harreman zuzena eta banakako tratua. Hori dela eta, Cebekek bultzatutako enpresa-proiektu berriak sustatu nahi dituen balio berri horiek ezarri behar dira ezinbestean; adibidez, “konfiantza, partaidetza, konpromisoa, gardentasuna, lankidetza edo enpresaren inguruko ikuspegi partekatua”.

Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia eta Lurraldea Garatzeko Saileko diputatuak, Imanol Pradalesek, ekitaldiari eman dio amaiera

Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia eta Lurraldea Garatzeko Saileko diputatuak, Imanol Pradalesek, ekitaldiari eman dio amaiera. Bere agerraldian adierazi duenez, enpresa-proiektua kritikoa eta funtsezkoa da Bizkaiko Aldundiarentzat eta bere sailarentzat.

Pradalesen esanetan, jakin badaki pertsonak enpresaren erdigunean jartzeko enpresa-proposamena “bide bakarra dela, Bizkaiko enpresa-sarearen jasangarritasuna erdiesteko” eta “giza kapitala erakartzeko eta berton geratzeko”. Alde horretatik, erantsi duenez, “hori egiten ez duena desagertu egingo da ezinbestean, ezin izango diolako bere lehiakortasunari eutsi”.

Foru-diputatua ados egon da Bizkaiko arduradun sektorialekin, “pertsonak izango ditugu faltan” esan dutenean. Puntu horretan, BAIko lurraldeko datuak gogoratu ditu, nabarmendu egiten dutelako 2002an Bizkaiko biztanle okupatuen 8,7 35 urtetik beherakoak eta ,2 55 urtetik gorakoak zirela eta joera hori aldatu egin dela, 2017an !,3 35 urtetik beherakoak eta ,3 55 urtetik gorakoak ziren-eta.

Errealitate demografiko horren ondorioz, Pradalesek baieztatu duenez, kudeaketa bera “sakona eta egiturazkoa” izan behar da, “eta eraldaketarako prozesuak bultzatu behar dira. Hori dela eta, enpresen euren egitura ere eraldatu beharra dago”.

“Horretarako, taldeek eta pertsonek giza kapitala erakartzeko moduko enpresa-proiektuekin hartu behar dute konpromisoa”. Horregatik, berak adierazi duenez, soldatak ez ezik, beste faktore batzuk ere hartu beharko dira kontuan; esate baterako, garatzeko aukera, malgutasuna edo balioen oreka”.