‘En Buena Compañía’: ekinBarriren programarekin bat egin duten 9 enpresa-bururen esperientziak

Publicado

ekinBarrik estreinatu du bere YouTube kanalean eta podcast formatuan (Spotify eta Ivoox-en) bederatzi elkarrizketa sakonez osatutako saioan. Bizkaiko enpresa-buru batzuek hartu dute parte, pertsonak antolakuntzaren erdigunean kokatzeko erabakia hartu dutenak euren erakundeetako kultura eraldatzeko asmoz.

‘En Buena Compañía con ekinBarri’ izenburupeko saioan, Adela Ucar kazetariak hainbat enpresa bisitatzen ditu, pertsonak beren estrategiaren bihotzean jarri dituzten zuzendariekin solasean aritzeko. Helburua: enpresa lehiakorragoak, iraunkorragoak eta berritzaileagoak eraikitzea.

Ikuspegi eraldatzailea duen proiektu audiobisuala

Elkarrizketek, 20 minutu inguruko iraupena izango dute, eta hamabostean behin argitaratuko dira. Atal bakoitza hiru bloketan banatuko da: lehena, enpresara eta haren ibilbide historikora hurbilketa; bigarrena, ekinBarrirekin izandako esperientzia; eta azkena, pertsonalagoa. Atal honetan enpresa-buruek egoera konplexuei aurre egiteko aholkuak eta ikasitako irakaspenak partekatuko dituzte.

“Saio honen helburua ez da soilik praktika onak erakustea; Bizkaiko enpresei hausnarketa eta eraldaketa prozesuan laguntzea ere bada, gauzak beste modu batean egin daitezkeela eta emaitza desberdinak lor daitezkeela ikusgai eginez”, azaldu dute ekinBarriko arduradunek.

Enpresetan dagoen balioa azpimarratuz

‘En Buena Compañía con ekinBarri’ saioaren atzean dagoen mezua hauxe da: aldaketa barrutik hasten dela erakustea, enpresako pertsonen talentuaz eta konpromisoaz baliatuz. Hori da ekinBarriren helburua: lan-ingurune gizatiarragoak eta osasuntsuagoak sortzea. Modu horretan enpatia, malgutasuna, feedback eraikitzailea eta komunikazio egokia pertsonen eta erakundearen arteko lotura indartzeko tresna bihurtzen dira.

Horri esker, barne-harreman onak sendotzen dira, eta pertsonak proiektuaren parte sentitzen diren giroa sustatzen da. Ondorioz, talentuarekiko konpromisoa indartzen da, absentismoa murrizten da eta enpresaren emaitzak hobetzen dira.

Estreinaldia: mendeurrena duen enpresa bat, HA Ilarduya

Lehen atala irailaren 10n estreinatuko da, eta protagonista HA Ilarduya izango da, Amorebietan egoitza duen industria kimikoko konpainia. 1918an sortua, Hüttenes-Albertus taldeko kide da, eta burdina, altzairua eta ez-ferrikoen galdaketaren merkatuan erreferentea da Espainian eta Portugalen. Bere Zuzendari Exekutiboak, David Zoritak, azalduko du nola ari den enpresa historiko hau gaur egungo erronkei aurre egiten ekinBarriren laguntzaz, bere barne-kultura eta egokitzeko gaitasuna indartuz.

Bizkaiko sektore nagusien ikuspegi anitza

Bederatzi ataletan zehar, lurraldeko sektore ekonomiko nagusietako ordezkari diren enpresak igaroko dira saioan. Ekimen honen bidez, enpresa-eraldaketarako mugimendu bateratua sortzen ari da.

ekinBarritik diotenez, “sarritan, enpresek antzeko erronkei egiten diete aurre: nola motibatu taldeak, nola hobetu barne-komunikazioa edo nola egin aurre lehiakortasun globalak eskatzen dituen aldaketei. Enpresa hauen esperientziak frogatzen du, laguntza egokiarekin, emaitza handiak lor daitezkeela”.

Proiektu kolektiboa, instituzioen babesarekin

ekinBarri 2016an sortu zen, CEBEK, FVEM, CECOBI, ASCOBI-BIEBA eta AVEQ-KIMIKA enpresa-elkarteen bultzadaz, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babes instituzional eta ekonomikoa du, Bizkaia with the Talent estrategiaren barruan. Lurraldeko 110 enpresak baino gehiagok hartu dute parte dagoeneko bere programaren batean, erakunde bakoitzaren errealitatera egokituta.

Ekimenak azpimarratzen du Bizkaiaren lehiakortasuna bere enpresak indartzetik datorrela, eta hori pertsonak indartuz baino ez dela posible. Enpresa sendoago eta erakargarriagoek, aldi berean, lurralde sendoagoa sortzen dute, inbertsioak erakartzeko, proiektu berriak sortzeko eta epe luzerako enpresa-jasangarritasuna bermatzeko gaitasun handiagoarekin.

Informazio praktikoa

  • Formatoa: Elkarrizketa-saila (YouTube bideoa eta podcast Spotify eta Ivoox-en).
  • Atal bakoitzaren iraupena: 20 minutu.
  • Hizkuntza: gaztelania, euskarazko azpidatziekin
  • Aurkezlea: Adela Ucar.
  • Atal kopurua: 9.
  • Lehen atala: Irailaren 10, HA Ilarduyarekin.