ekinBarri-k enpresa erresilienteagoak, sendoagoak eta modernoagoak sustatzen ditu, lidergo gardenarekin oztopoei aurre egiteko
“Bizkaiko lidergoa konektatzen” lelopean, Azkuna Zentroan ospatutako ekinBarri 2024 jardunaldiak esperientziak, benetako kasuak eta kultura antolatzailean sakondu behar den eraldaketa sustatzeko garrantzia partekatzeko topagune izan zen, batez ere talentua erakartzea eta atxikitzea bezalako gaietan. Behar horren jakitun, CEBEK, FVEM, CECOBI, ASCOBI-BIEBA eta AVEQ-KIMIKA elkarteek ekinBarri ekimena jarri zuten martxan, lidergoa eraldatzeko prozesuan enpresei laguntzeko, pertsonak erakundeen erdigunean kokatuz.
Gaur egun, ehun bat ETE eta enpresa handik parte hartzen dute ekinBarri programan, eta 1.200 pertsona baino gehiagok hartu dute parte. Orain arte, 150 talde trebatu dira, hamar bat agente ingururen laguntzarekin. ekinBarri metodologiaren emaitzak nabarmenak dira: enpresetako barne-harremanen aldaketak lan giroaren hobekuntza orokorra dakar, baita komunikazioaren, konpromisoaren eta inplikazioaren hobekuntza ere. Horrek produktibitatea areagotzen du eta, gehienetan, absentismo-tasa murrizten laguntzen du; Euskadin, 8,6koa da tasa hori, Estatuko handiena.
Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko diputatuak jardunaldia inauguratu zuen, ekinBarri ekimenarekiko konpromiso instituzionala berresten. “Arrakasta duten enpresak dira beren ikuspegi eta misio antolatzailea langileen balio eta asmo pertsonalekin bat egiteko gai direnak. Horretarako, lidergo eraldatzailea behar dugu, enpresaren misioa pertsonen helburu pertsonalekin lotuko duten liderrekin. Pertsonak zerbait handiagoaren parte direla sentitzen dutenean, beren konpromisoa eta produktibitatea biderkatu egiten dira. Honi buruzkoa da ekinBarri”, azaldu zuen Basurkok. Era berean, azpimarratu zuen ekinBarri gero eta enpresa gehiagoren bidelagun dela, “konfiantzan, gardentasunean eta pertsonen parte-hartzean oinarritutako enpresa-eszenatoki baterantz eboluzionatzeko, proiektu partekatu bat indartuz”.
Basurkoren hitzak Carolina Pérez Toledo CEBEKeko presidenteak berretsi zituen: “Enpresetan aldaketa kulturala bilatzen du ekinBarrik: gizatiarragoak, parte-hartzaileagoak, berritzaileagoak eta jasangarriagoak izatea. Pertsonentzat erakargarriak diren inguruneak sortu nahi ditugu, beren talentua garatzeko, eta horrela, denok onura ateratzeko”, adierazi zuen.
Pérez Toledok azaldu zuen enpresa gehienen biziraupena kanpoko faktoreen menpe dagoela, hala nola demografia-eskasia, lege-insegurtasuna edo ekonomia globaleko ziurgabetasuna. “Arazo horiek guztiontzat daude, baina gure lideratzeko moduak eragin desberdina izan dezake enpresetan. Lidergo gardenarekin, pertsonak parte-hartzaile bihurtuz eta konfiantzan oinarritutako harremanekin, oztopoak gainditzeko gaitasunak biderkatu egiten dira”, adierazi zuen. Horren ildotik, ekinBarri proposatu zuen tresna gisa, “enpresa erresilienteagoak, sendoagoak eta modernoagoak lortzeko, denboren ziurgabetasunean nabigatzeko gai direnak”.
Azkenik, Pérez Toledok azpimarratu zuen ekinBarri dela lankidetza publiko-pribatu eraginkorraren adibide argia. “ekinBarri Bizkaia indartzen duen proiektu bat da, eraldaketarekin konprometitutako eta maila gorenean lehiatzeko prest dauden Bizkaiko enpresa eta agenteak batzen dituena”.
ekinBarri-ren eragina eta berrikuntzak
ekinBarri 2024 jardunaldian parte hartu zuten beste hainbat pertsonalitatek ere, hala nola Iñigo Ochandiano (Eusko Jaurlaritzako Erakunde Harremanetarako sailburuordea), Joseba Marizkurrena (BFAko Ekintzailetza, Talentua eta Enpresa Lehiakortasuneko zuzendari nagusia) eta Cristina Múgica (BFAko Lurralde Lehiakortasun eta Kanpo Sustapeneko zuzendari nagusia), besteak beste.
Gainera, lidergoan eta komunikazioan eskarmentu handiko profesionalek beren ikuspegiak partekatu zituzten. Leticia Martín Santiago (CTT Expresseko Korporazio Komunikazio eta Markako zuzendaria) jardunaldiko aurkezle izan zen, eta Nerea Ortiz Olarra (BC3ko gerentea eta Athletic Clubeko lehendakariordea) eta Sergio de la Calle (Telefónica Espainiako Talentu espezialista) izan ziren hizlari nagusiak. Orítz Olarra talde multidiziplinario eta nazioartekoak lideratzen izan duen esperientziaz mintzatu zen, eta Sergio de la Calle-k umorea taldeen kudeaketarako tresna gisa defendatu zuen.
Amaitzeko, ekinBarri Saria 2024 Toyota JAPAN CAR S.A. enpresari eman zitzaion, lidergoan egindako lana aitortuz, eta NaIA, ekinBarri-ren kudeatzaile digital pertsonalizatu berria, aurkeztu zen, enpresa-eraldaketaren bidelagun teknologiko gisa.
Ikusi ekitaldiaren irudi-galeria HEMEN KLIK eginez